
NAZIOARTEKO EUSKARAREN EGUNA ospatzen dugu gaurkoan. Aldarrikapenak egiteko eguna dugu gaurkoan baina norberak hausnarketa egitea ere ez legoke gaizki. Izan ere, askotan konturatu gabe izan arren, gu izaten gara ostikada handienak ematen dizkiogunak. Pertsona asko eta askok euskara testuinguru batzuetan bakarrik eta pertsona batzuekin soilik erabiltzen du. Badirudi egoera batzuetarako euskara txikiegia dela eta ez dituela beharrezko ezaugarriak betetzen. Euskara, ordea, hizkuntza bat da eta komunikazioa ahalbidetzeko balio duenez gero, esparru guztietan erabili daiteke eta behar da. Euskara aberastea eta indartzea gure esku dago eta J.M. Artzek dioen bezala : "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik".
Denon artean indartzea lortu behar dugu, horretarako bere erabilpena esparru guztietara zabalduz. Pertsona askok ez dauka ohiturarik euskaraz hitz egiteko egunero eta arrazoi ezberdinak direla eta, (normalean ondo hitz egiten ez duelako) gaztelera erabiltzera jotzen du. Praktika, ordea, erabiltzearen ondorioz lortzen da. Horregatik, euskararen alde egiteko, jarrera jakin bat eduki behar da baina horrez gain, euskara erabili behar da esparru guztietan (zenbait lekuetan euskaraz ulertzen ez duten arren lehendabizi euskara erabili behar da eta ulertzen ez duela esaten duenean, ondoren gaztelera erabili).
GURE KULTURA TXIKI HAU IZUGARRIZKO ERASOAK JASATEN ARI DA ETA HORRI AURRE EGITEKO GUZTION INDARRA BEHAR DA. BERAZ, ERABILI DEZAGUN EUSKARA EGUNERO ETA ESPARRU GUZTIETAN, BERAK ESKERTUKO DIGU ETA BAITA BERA MAITE DUGUNOK ERE.
Xabi — 2006-01-25 03:52:41